XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Berriak.

Azken aldian erraten nautzuen Herriot gure ministro nausiak Londresen egin antolamenduek, bali izaiteko, zenatur eta deputatuen baimena behar zutela.

Pariserat bildu dira iragan astean.

Hasi aintzin beldur ginen asteak eta asteak higatuko zituztela lan horren bururatzeko.

Nehork uste baino lasterrago egin dute, egiaren erraiteko gau eta egun kasik hatsik hartu gabe ari izan baitira.

Lasterregi ene ustez, ezen holako lanari zoazkon gogoeten erabiltzeko astirik ere ez dute izan.

Lan lasterra lan alferra, dio erran zahar batek.

Gerochago ikusiko erran zaharra erran zuhurra denetz.

Ez dira deputatu zenaturrak arras hobendun: Herriotek berak izartua zakoten ephea: astearen ondarreko, nahi ala ez, lana bururatu behar zuten.

Ikus dezagun orai nola jokatu diren gure jaunak.

Deputatuak.

Herriot ministro nausiak lehen bota.

Nahiz paper meta handi bat zaukan eskuetan, laburzki erran du zer egin duen delako Londreseko biltzarrean.

Ez da egia bezelakorik, elhea aise dabilka, legun eta behatz topatzerik gabe.

Bainan iduritu zaut ez duela aski argi eta chehetasun eman.

Nahi dituenak agertu ditu eta bertzeak itzalean utzi.

Altabada denen jakitea on zuketen deputatuek.

Dena den, Herriot ichildu orduko, deputatu zozializt bat Blum deitzen dena, chutiturik, hasi zako dena espantu eta laudorio.

Frantziaren izenean ministro nausiari eskerrak bihurtu ditu, ziolarik munduko bakea, orai arte Poincarek trochetan zaukana, chutik abi-arazi duela.

Hitz dautzuet Blum delakoa ez dela Poincaré jaunaren adichkidea; lurra baino beherago ezarri du, baitzakien Poincaré apalduz, Herriot goresten zuela.

Poincareren aldea bizpahiru deputatu churiek atchiki dute ederki eta zuhurki: Herriotek Londreseko biltzarrean egin huts handiak ez dituzte gorde.

Rhur delakoari uko eginez, zer gelditzen zauku eskuetan Alemana zorren garbitzerat hersatzeko?.

Anglesak lagunduko gaitu, dio ministro nausiak, Alemanak bere hitza ez badu atchikitzen.

Segur othe gira Anglesa jarraikiko zaukula?.

Ez da errana.

Deputatu churi horien ondotik, berriz Blum.

Goraki dio zozializten bozak Herriotentzat direla.

Bururatzean, ministro nausia gomitatu du Frantzia barne huntan berak agindu bezala jokatzerat, erran nahi baita katolikoer jazartzerat.

Azkenean bozetarat emanik, hiru ehun eta hogoi-ta hamasei deputatu agertu dira Londreseko antolamenduaren alde, berrehun eta sei kontra; gure departamenduan Garat bakarrik alde, bertze bortzak kontra.

Zenaturrak.

Deputatuen baimenak ez gaitu den gutienik harritu.

Aspaldidanik baginakien barne hartan etsai baino gehiago adichkide bazuela Herriotek.

Ginaukan zenatur zaharrek bederen begiak hobeki idekiko zituztela.

Uste bai, ez baita arras hola gertatu.

Zenaturretan izan den mintzaldirik ederrena Poincare jaunarena.

Herrioti nausi da oraino.

Deputatuen artean, Blum delakoa ari izana baitzen zernahi erranka Poincarek ministro zelarik obratu lanarentzat, Poincarek Herrioti garbiki erran dako eta frogatu Londreseko antolamendua etzuela eginen ahalko, Poincarek egin lana ez balu han izan.

Beraz bere ustez egin eta eginen duen on guzia, Poincareri esker eginen du.

Bainan zer on ekarriko dauku Londreseko antolamenduak?.

Deus guti, Poincarek dionaz.

Baginakien Rhuretik zer jalitzen ginuen, aurthengo lehen lau ilabethetan miliard bat berrehun miliun; chahubideak kenduz miliard bat oso osoa.

Antolamendu hortarik zer ateratuko dugun ez dakigu.

Mandoa saldu eta astorik gabe etcherat itzuli.

Kalapita andana baten ondotik, zenaturrak ere azkenean Herrioten alde bozkatu dira.

Zoazte zuek zerbaiten komprenitzerat.

Poincaré ministro zelarik, zenaturrak haren alde; orai Herrioten alde.

Norat haize harat aise naski!.

Caillaux ere, zenaturrek berek duela sei zazpi urthe kondenatua, aste huntan berek churitu dute.

Duela bizpahiru ilabethe deputatuen gambaran Ybarnegaray gure jaun deputatu lerden eta bipilak ziona: Caillaux orduan edo hobendun zen edo garbi.

Orduan hobendun bazen, orai ez dakogu barkatu behar.

Garbi bazen kondenatu dutenak gaztigatu behar dira.

Lan pollit horiek guziak eginik, deputatu zenaturrak berriz ere barraiatu dira nor beren herrietarat hazila arte.

Alemanian.

Londreseko biltzarreaz gu ez soberarik kontent, Alemanak bederen hala othe dira?.

Gurek bezala hango deputatuek ere beren baimena behar zuen eman.

Zer kalapitak han ere! Joka, borroka, zalapartaka, odola ichuri arte! Nor dira antolamendu horri aiher direnak?.

Nazionaliztak, Aleman gorrienak gure etsai beltzenak, Zertako?.

Denek aitortzen dute Londreseko biltzarrean Alemaniak zerbait irabazi duela.

Bainan ez aski, nazionalizten arabera.

Londresen ziren Alemanak Herrioten ahuleziaz ez omen dira aski baliatu; gehiago galdatu balute, gehiago ardietsiko zuten.

Bizkitartean deputatuen baimena ukan du hango ministro nausaiak.

Lurden.

Péerinage national delakoa, zombait egun Lurden egonik, aste huntan joana dugu Lurdetik.

Lurdeko Ama Birjinak begi onez behatu dako, ezen bortz mirakulu igorri ditu, batzu bertzeak bezain espantagarriak!.

Berrichkak.

Iragan astean Hérault departamenduan Vic-la-Gardiole deitu hiriko haur bat losteta ari zen ur hegian untzi baten barnean.

Hainbertzenarekin untzia uzkaili zako eta haur gaichoa ithotzerat zoan.

Beharrik ordu orduan jaun erretora hara etortzen ari.

Berehala, zen bezala, urerat jauzi egin du eta haur dohakabea uretik kampo ateratu.

Haurraren aita amen atsegina! Etzakiten aski nola eskerrak bihur beren jaun erretor onari.

- Castillones-ko ondoan, bortz urtheko neska bat zipu baten hegian lerraturik urerat erori da.

Ikusi orduko ama joan zako, bainan hura ere urean gelditu; altabada zipuak etzuen lau zehe balik barna.

Ama gaichoak burua galdu nik uste.

Oihuetarat etorririk, auzoek bi gorputz jali dituzte.

- Béziers-ko hirian gizon bat bere etcheko putzuaren garbitzerat zoan.

Behereadino jausteko, soka bat finkatu du hegiko hare bati.

Bere lanari lotua zen jadanik noiz eta ere harria lerratu baita eta bertzetarik berechi.

Gizon dohakabea buruz beheiti erori putzu zolarat.

Kasik berehala ateratu dute, bainan ordukotz hila zen, burua arraildurik.

Berrogoi-ta bat urthe zituen oraino.

- Briveko emazte chahar bat zoroturik Clermont deithu hiriko etche berezi batetarat ereman dute.

Bakarrik bizi baitzen, haren etchea miatu dutelarik, kintal bat sos chehe atcheman dute, bortz soseko eta bi soseko.

Ez da mirakulu gero chehea eskasturik ere!.

- Bere bi muthilekin idi baten perratzen ari zen Donmartineko marechala; noiz eta ere idiak bere sokak hautsi baititu.

Marechala koskaturik eta lurrerat artikirik, ostikatu du eta han berean hil.

Muthilak ari bai beren nausia salbatu nahiz, bainan hek ere berea bildu dute, ezen abereak azkarki kolpatu ditu.

- Elhurra agorrilean! Non hori?.

Ba ez urrun ez, Frantzian berean Aurillaceko eskualdean; elhurra jauts-ahala.

Uzta gehienak fundituak omen dira, belharra orgataraka ongarrirat artikia.

Gaicho laborariak!.

- Suissako choko batean, harroka andana handi bat, uriek harroturik eta berechirik, burrumba gorrian jautsi da menditik.

Herrichka bat oso osoa erhautsi dute eta suntsitu.

Beharrik jende ichtripurik ez da gertatu, jendeak landetan baitziren.

- Marmandeko merkatuaren erdian izigarriko kalapita bat gertatu da bi arra, kardarien artean, biek bulharrak azkar, mihia oraino azkarrago.

Batek ez bertzeak amor ez egin nahi, gorribiltztuak ari ziren; azkenean bati hatsa eskatu.

Gogotik ari zirenetz!.

- Oraino ihiziko ichtripu bat! Hau Bordaleko eskualdean.

Bi adichkide ziren ihizirat joanak.

Batek erbi bat ikustearekin bertzeari erran dako: Etzan hadi.